Euskal Herri Elkargoa - Communauté Pays Basque

Frantziako Iraultzak bere mendeko euskal herrialdeen foruak indargabetu zituenetik, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherak ez dute dimentsio administratibo propiorik izan. Baina eragile sozialek gogor lan egin dute diagnostiko propio bat izan eta aterabideak lortzeko. Indar sozial horren inguruan Batera plataformaren aldarriak forma hartu zuen eta urtarrilaz geroztik, Ipar Euskal Herria lurralde elkargo bakar batean antolatu eta zenbait eskumen eskuratu dituzte. Azken urte hauetan, ordea, Ipar Euskal Herriaren baitan maila desberdinetako lurralde desorekak agertzen joan dira. Desoreka horien zenbait adierazle azaltzen dira jarraian.

Azalera handiko lurraldea

Ondokoa da Ipar Euskal Herriaren lurralde egitura funtzionala:

Euskal-Herri-Elkargoa-Communauté-Pays-Basque

Kostaldean pilatzen da biztanleria

Ipar Euskal Herriak 300 mila biztanle ditu orotara; horietako %58a kostaldean kokatzen da, %28a bitarteko zonaldean eta %14a barnealdean. 2000. urtetik hona, ia 40 mila biztanle hartu ditu eta horietatik gehienak kostaldean pilatu dira (%98). Biztanleria horren %42,6a Ipar Euskal Herritik kanpo sortutakoa da: lautik hiru frantsesa, eta 10 milatik gora Hego Euskal Herrian sortutakoa.

Euskal-Herri-Elkargoa-Communauté-Pays-Basque

Hazkunde horrek, aldiz, ez du gazteen presentzia areagotzerik lortu, eta kostaldean izan ezik, gazteen iraute tasa negatiboa da gainontzeko lurraldean, hots, gazteak galtzen ari dira: bitarteko zonaldean -14,7 eta barnealdean -16,9.

 

Udalerrika begiratuz gero ikus daiteke Ipar Euskal Herrian udalerri gutxi batzuek metatzen dutela populazioaren zatirik handiena. Zehazki, Baiona, Anglet eta Biarritzen artean biztanleriaren herena biltzen dute. Horrek guztiak eragin handia du lurraren okupazioan, eta horren adierazgarri da 2006-2015 aldian administrazioak etxeak eraikitzeko 36 mila bahimen baino gehiago eman izana: 22 mila kostaldean, 8.700 bitarteko zonaldean eta 5.600 barnealdean.

Euskal-Herri-Elkargoa-Communauté-Pays-Basque

Hirugarren sektorearen nagusitasuna

Lan jardueraren banaketari dagokionez, lurraldeari loturiko desberdintasun handiak daudela ikus daiteke. Kostaldean merkataritza, turismoa eta zerbitzuak dira nagusi (populazio aktiboaren %80a). Barnealdean berriz, laborantza (biztanleriaren %20a), nekazaritzako elikagaien sektorea eta industria dira nagusi (industria eta eraikuntzak %26a egiten dute).

Euskal-Herri-Elkargoa-Communauté-Pays-Basque

Enpleguari dagokionez 122 mila enplegu dauzka Ipar Euskal Herriak, horietatik 84 mila kostaldean, 22 mila bitarteko zonaldean eta 15 mila barnealdean. Errenta maila ere asko aldatzen da lurraldearen arabera: errenta pertsonalaren mediana %20 baxuagoa da barnealdean kostaldean baino, guztietan baxuenak  Xiberoa herri elkargoan eta Garazi-Baigorrikoan izanik.

Zerbitzuen eskuragarritasun urria

Azken urteotan nabarmena izan da Ipar Euskal Herriko zerbitzuen murriztea, batez ere barnealdeko herrietan. Horietan aintzat hartzekoa hezkuntzaren irisgarritasun eskasa.

Euskal-Herri-Elkargoa-Communauté-Pays-Basque

 

Erronkak, gaurtik bihar

Ipar Euskal Herrian instituzio propio bat ez izateak hainbat desoreka eragin ditu, bereziki kostalde eta barnealdearen artekoak. Etorkizunean ere hazten jarraitzeko joera duen eremua izanik, Herri Elkargoak eginkizun garrantzitsua izango du kostaldea eta barnealdearen arteko harremana ongi antolatzen. Izan ere politika publikoak antolatzerako garaian oso desberdintasun handiak egon daitezke kostalde urbanizatu eta frantsestua nagusi den gizartearen eta barnealde euskaldunaren artean.