Egunerokoa, gero eta garestiago

Kontsumo Prezioen Indizeak erakusten du modu erregularrean kontsumitzen diren zerbitzu eta ondare multzo baten prezioan emandako gorabeherak. Indize horretan  oinarrituz, jarraian aurkezten diren datuetan eguneroko ekonomian prezioek eta aurrekontu familiarrek azken urteotan izan duten bilakaera azaltzen da.

Prezioen indizearen bilakaera

Ekonomiaren bilakaera aldakorra da, urtetik urtera gorabeherak izaten ditu eta horrek diakronikoki ikusgarriak diren zikloak sorrarazten ditu.  Beheko grafikoan antzeman daitezke batzuk, 80ko krisia, 99koa eta 20008koa horien artean aipagarri. Gurean pairatu diren krisi hauek mundu mailako bilakaerarekin era bat lotuak daude gainera, sistema ekonomiko kapitalista indarrean dagoen herrialdeetan hauteman baitaitezke joera berdintsuak aldi berean jazotzen direla.

KPIren bilakaera historikoa

KPIaren gorabehera bortitzagoak Hegoaldean

Baina politika ekonomikoak badu ekonomia globaletik bezainbeste politika lokaletik. Horrek azaltzen du, esaterako, Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren artean antzematen diren desberdintasunak. Izan ere, Ipar Euskal Herrian inflazioari lotutako tentsioak leunagoak izan dira, Frantzian ere Espainian baino leunagoak izanak eraginda.

KPIren bilakaera. Urteko hazkunde-tasa

Energiaren garestitzea

Energiak azken urteotan izan duen bilakaera nabarmentzekoa da, eta bereziki Hego Euskal Herrian izandakoa. Azken hilabeteotan energiaren prezioak esanguratsuki hazten ari dira: 2017ko lehen lau hilabeteetan, Hego Euskal Herrian %10etik gora igo da energiaren prezioa hilabete batetik bestera, urtarrileko kasua azpimarra garria izanik (%18ko igoera).

Argindarra, gasa eta bestelako erregaiak. Urteko hazkunde-tasa

Produktu eta zerbitzuen prezioen igoera

Azken urte hauetan produktu eta zerbitzuen prezioa gora-behera batean aritu bada ere,  oro har esan daiteke eguneroko gastuekin lotutako produktuak garestituaz joan direla familien errentak atzera egiten zuten bitartean.

Diru sarrerak murriztu dira

Diru sarrerek ez dute izan prezioek jaso duten gorakadarik. Oro har esan liteke azken urteetan diru sarrerak ez direla nabarmen handitu, alderantziz, diru sarrera apaleneko taldeetan urritu ere egin dira. (Halaber, Hego Euskal Herriko familien aurrekontuan etxebizitza, ura eta energia gastua %35era heldu da, eta Ipar Euskal Herrian aldiz %15,7ra).

Erronkak, gaurtik bihar

Prezioen bilakaerak erabateko eragina du gure ekonomian, izan gure jarduera ekonomikoen eraginkortasunean zein familienean. Azken urteotan bilakaera oso gorabeheratsua bizi izan dugu, beste lurralde batzuek bizi izan ez dutena eta horrek eragin sozial eta produktibo larriak izan ditu.  Berriro ere prezioen igoera garaian sartu garela dirudi, nahiz eta familia askoren ekonomia murriztu den. Aztertu beharko genuke herri gisa nola bizi egoera honekin. Zer egin inflazioa eta gora behera horien ondorio sozialak kontrolatzeko.