Sektoreek gora egin arren, EAE eta Nafarroa Garaia arteko lurralde hartu-emanak behera egin du krisialdian

> Nafarroa Garaian lehen sektorea (+14,3) eta elikagaien industria (+3,0) hazi egin dira krisialdi garaian (2008/14 epealdia). Bi sektoreek 4.183 milioi € eragin zituzten 2014 urtean, herrialdeko BPGren %11,1.

> EAEn lehen sektorea hazi egin da ere eta elikagaien industriaren negozio zifra gora doa 2008az geroztik, baina Nafarroarekin alderatuta lehen sektorearen pisua BPG guztiarekiko oso txikia da (0,7%), elikagaien industriarekin gertatu bezala.

> Halarik ere, EAE eta Nafarroa Garaiaren arteko lehen sektoreko eta elikagaien industriako negozio zifrak nabarmen behera egin du. Azken datuen arabera (2013), Nafarroa Garaiak 449 milioi €ko negozio zifra lortu zuen EAEn, nagusiki elikagaien industriari esker (398 milioi €).

> 2008 urtearekin alderatuta, Nafarroa Garaian EAE helmuga duen lehen sektorearen negozio bolumena erdira jaitsi egin da, eta elikagaien industriaren kasuan, -%10,2. Bi sektoreek egun bere negozio bolumen osoaren %20,6k EAE du jopuntu, 2008 urtean %32 zenean. Negozio galera hori nagusiki ekoiztu gabeko zein ekoiztutako elikagai produktuetan metatzen da. Frantzia, Erresuma Batua edo Italiakoa bezalako merkatuek irentsi dute fluxu hori.

> Mugaren bestaldetik begiratuta ere, 2008az geroztik EAEko lehen sektorearen eta elikagaien industriaren negozio zifra jaitsi egin da Nafarroa Garaiarekiko, -%21,1 eta -%31,4, hurrenez hurren.

> Bien artean, lurralde bakoitzaren lehen sektoreko eta elikagaien industriako autokontsumoak gora egin du nabarmen. Nafarroa Garaian 1.193 milioi € barnebildu zituen autokontsumo horrek (BPGren %5,1). EAEn ere aipatu autokontsumoa goranzko joeran da azkenaldian (+41,5), azken urtean 1.877 milioi €-ko bolumenarekin.

 

 

[ERANSKINA] Lehen sektorearen kanpo saldoa

 

> Lehen sektoreko produktuen kontsumoak gora egin du Hego Euskal Herrian (2.609 milioi €, 2013 urtean). Nagusiki, lurralde administratibo bakoitzean ekoizpen propioaren kontsumoa igo egin da.

> Badira hamar urte kanpotik ekarritako lehen sektoreko produktuen bolumena bertan ekoiztu eta kontsumiturikoa baino handiagoa dena. Hego Euskal Herrian, lehen sektoreko ekoizpenaren autokontsumoa %45,7koa da egun.

> Inportaturiko lehen sektoreko produktuek, batez ere, Espainiar Estatua dute jatorri. Kontsumitzen diren produktuen %35,1a Espainiar Estatutik dator (916 milioi €, 2013 urtean).

> Datuek erakusten dutenez, Hego Euskal Herriko lehen sektoreko ekoizpenaren zati gero eta handiago bat kanpora esportatzen da, jomuga nagusiak Espainia izaten jarraitzen badu ere.

Ondorioz

Euskal Herrian kantitatez,  kalitatez eta dibertsitatez elikagaiak ekoizteko gaitasuna hazi egin da azken urteotan, baita bertako produktuen kontsumoa ere. Zoritxarrez, ordea, jaitsi egin da euskal lurraldeen arteko elikagaien salerosketa eta hazi Espainiako Estatua jatorri duten elikagaiena. Zenbait produktuk balio erantsi handia hartu duten aldetik esportazioak  nabarmen hazi diren arren, arduratzekoa da elikagaien barne merkataritza izaten ari den bilakaera. Euskal lurraldeen arteko osagarritasuna, lurralde ekoizleen iraunkortasun ekonomikoa eta euskal gizarteak bere lurrarekin zein ekoizleekin duen harremana arretaz zaintzekoak izango dira etorkizunean. Lurraldeari eta elikagaien ekoizpenari lotutako herri egitasmo bat garatzeko egitasmo indartsuagoen beharrean gaudela esan daiteke.

AttachmentTamaina
po_2016-05-23-elikag-hego.pdf674.12 KB