Aberastasuna sortzeko gaitasuna

Europa mailan aintzat hartzen diren zenbait adierazle Euskal Herrirako kalkulatu dira.  Aldagai hauek Europako estatu eta erregioen egoera ezagutzeko erabiltzen dira, eta beraz, nazioartean adostasun handikoak dira. Hautatu diren neurgailuak ekonomiari oso loturik daude, lurralde batek aberastasuna sortzeko duen gaitasuna neurtzeko baliagarri direnak: barne produktu gordina, enplegua, I+G gastua eta lanaren produktibitatea.

Adierazleen bilakaera

Ondokoa da adierazleon azken urteotako bilakaera:

Aberastasuna sortzeko gaitasuna-adierazeen-bilakaera

 

Datuen argitan esan daiteke, batetik, 2016 urteko behin-behineko datuen arabera, Euskal Herriak krisi aurreko BGP bolumena berreskuratu duela dagoeneko. Horri lotuta, lanaren produktibitateak ere gora egin du eta orduan baino handiagoa da orain. Enplegua ere hobetzeko bidean doa azken hiru urteotan baina oraindik bide luzea geratzen zaio 2008ko mailara iristeko. Azkenik, I+G gastuak ibilbide makala daramala ikus daiteke.

BGPa errekuperatu egin dela agerikoa bada ere, kontuan izan behar da aberastasuna sektorez aldatzen joan dela. Izan ere, 2015ean kaltetuenak izan ziren sektoreetariko batzuk ondokoak dira:

  • Eraikuntza (-%46,6)
  • Finantza jarduerak eta aseguruetakoak (-%33)
  • Informazioa eta komunikazioak (-%16)

Aldiz, 2016an indartu diren sektoreak hauek:

  • Higiezinekin lotutako jarduerak (+%21)
  • Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoak, administratiboak eta zerbitzu osagarriak (+%18)
  • Administrazio publikoa, gizarte segurantza, hezkuntza, osasuna eta zerbitzu sozialak (+%17)

Euskal Herria Europaren begietatik ikusita

Krisi ostean, Euskal Herria urrunago dago Europako erreferenteetatik.

I+Gari dagokionez Euskal Herriaren indizea Espainia eta Kataluniaren antzekoa da, hau da, ez dugu Espainiako erresumak ezarritako politika ekonomikoaren muga gainditzea lortzen, Suedia, Herbehereak edo Alemaniaren moduan. Aldiz, Euskal Herriarentzat erreferentziazkoak diren lurralde desberdinek (antzekotasun produktiboak medio) I+G gastua gogor indartu dute atzeraldi urteetan (Steiermark, Herbehereak, Alemania, Trento, Niedersachsen,...) eta EH, Espainia, Katalunia, Portugal, Errumania edo Kroazian bezala, gastua murriztu da.

Atzerakada, ordea, ez da I+G gastuan bakarrik gertatu, enplegu bolumenak ere antzeko bidea hartu du, bien arteko lotura agerian jarriaz. Zoritxarrez, berrikuntza politikak ahuldu izanak ez dute aukerarik utzi enplegu bolumenari eusteko atzeraldi urteetan.

Aberastasuna sortzeko gaitasuna-europa

Erronkak, gaurtik bihar

Ekonomia indartzen ari dela ukaezina bada ere, bide luzea dago oraindik egiteko, I+G gastua da horren adierazgarri. Kontuan izan behar da, halaber, gure ekonomiaren egitura aldatzen ari dela, zerbitzuek nabarmen eginkizun handiagoa hartuz. Hain justu ere hor dago hurrengo urteetarako lanerako gako garrantzitsu bat, sektoreen kudeaketa egoki bat egitea komeni baita.