Iraupen luzeko langabezia eta aldi bateko kontratazioa

 

Langabetuen artean iraupen luzekoak direnak (EH-EB28)

Azken urteotan langabeziak Euskal Herrian izan duen bilakaerak, txanponek bezala, bere aurpegia eta ifrentzua ditu. 

Langabeziari tasari begiratu ezkero, azken urte gogorren ondoren bilakaera baikorra izaten ari dela atzematen da. Alta, industria alorreko lanpostuen desegitea -ACB, TRV edo Arcelor besteak beste- edo sortzen ari den enpleguaren prekarietateak, besteren artean, aipatu bilakaera baikorra zalantzagarri egiten dute.

Izan ere, langabeziak Euskal Herrian bilakaera positiboa izan eta %14raino jaistea lortu duen arren, 2008koaren bikoitza izaten jarraitzen du. Lurraldeka aztertu ezkero ere, bakoitzak bere ibilbidea daramala agerikoa da.

 

Lurraldeen artean alde nabarmena

Ipar Euskal Herrian langabeziaren hazkundea hegoaldeko lurraldeetan baino makalagoa izan da 2008 eta 2015 urteen artean, eta igotzen jarraitzen du, oso apurka bada ere. Hego Euskal Herrian, ostera, lurralde bakoitzaren egitura produktibo eta demografikoaren arabera gora behera garrantzitsuak azaltzen dira begibistan: batetik Nafarroa Garaia eta Gipuzkoa daude. Bizkaia eta Araba, bestetik.

Zentzu horretan, datu orokorrak gorabehera, bi fenomeno aztertu ditu Gaindegiak, errealitatearen argazkia ahalik eta osatuena izateko tenorean.

Ildo horretatik, iraupen luzeko langabezia behatzen du azterketak, urte bete baino gehiago lanik gabe daudenen egoera kontuan hartuz. Horrekin batera, aldi bateko kontratuen aldagaia ere txertatzen du argazkian azterlanak, biak ala biak krisiaren aurreko egoerarekin alderatzeko eta egoera berria ulertzen laguntzeko. Datuok Europako Batasuneko erreferentziazko estatu eta erregioekin alderatuta ageri dira.

 

Iraupen luzeko langabezia

Euskal Herriko langabetuen artean iraupen luzekoak direnen proportzioa  erreferentziazko lurraldeekiko altuenetarikoa da. Europa hegoaldeko estatu eta erregioen pare kokatzen dute Euskal Herria. Bi herrialdeetako langabezia tasaren datuan nabarmentzeko moduko aldea dagoen arren, iraupen luzekoen proportzioak Estatu Espainolarekin parekatzen du Euskal Herria, Kataluniarekin gertatu bezala.

Azpimarratzekoa da Europako iparraldeko erreferentziek, egun, bertakoaren erdi inguruan dutela iraupen luzeko langabezia tasa.

 

Aldi bateko kontratuak

2000ko hamarkadan aldi bateko kontratuen indizea nabarmen hazi zen. Bilakaera horren zioak askotarikoak izan daitezke, baina esan daiteke ekonomia indartsu batek, kontratazioa ahalbidetu zuen bezala, behin-behinekotasuna ere erraztu zuela.

Egun maila horretara iristen ari da Euskal Herria berriro. Baina beste behin ere, legedia laboralak errazten duen behin-behinekotasun hori ez da ageri maila berean Europan erreferentziazkoak diren beste hainbat lurraldetan. Bai, ordea, Estatu Espainolaren eremuan.

Hala, behin-behinekotasunari dagokionez, Euskal Herrian hegoaldearen (%14,7) eta iparraldearen (%24,7) artean agerikoak dira diferentziak.

 

Euskal Herria eta Europa parez pare

Euskal Herriko gazteenen langabezi tasak Europar Batasunekoaren aldean ia bikoitza izaten jarraitzen du. Nabarmentzekoa da, 15-24 urteko adin tartean 3tik bat langabezian dagoela.

Aldameneko laugarren infografian ageri den gisara, Barne Produktu Gordinaren (BPG), eskulanaren produktibitatearen eta enpleguaren bilakaerak Euskal Herriko eta Europako Batasuneko joerak norabide ezberdinean kokatzen ditu. Adierazle horien arabera Euskal Herriak eskulanaren produktibitatean aurrera urratsa egin badu ere BPGren eta enpleguaren alorretan ez du lortu 2008ko mailara iristea. Europan aldiz, bataz beste, BPG nabarmen hasi da, eskulanaren produktibitateak ia 10 puntu egin du gora eta enplegua 2008ko mailatik 2,3 puntu atzera dago.

 

 

Aurrera begira

Lurralde bakoitzak dituen legediek eta egitasmo ekonomikoek erabateko eragina dute. Lurralde bateko gaitasunak elkarren artean osagarri egin daitezke, ala ez. Azken urteotan Euskal Herrian osagarritasun horretan aldaketa larriak gertatu dira. Etorkizunean ongi pentsatu beharko da nola aurre egin egoera honi.