Euskal Herria 2025: lan eskuaren prospektiba

Biztanle erretiratuen bilakaera, EH: 2008-2015

Aurrerantzean erretreta hartuko duen langile multzoa handia dela kontuan izanda, ordezkapeneko zenbat enplegu izango dira Euskal Herrian 2025erako?

Galderak ez dauka erantzun errezik, besteak beste, BPGren bilakaerak eragin handia duelako emaitza horretan. Halere, 2025 urtea bitartean Europar Batasunean ordezkapeneko enplegu aukerak enplegu aukera berriak halako bederatzi izango direla diote datuek.

80ko hamarkadako krisi garaian ikusi genuen bezala, hainbat sektoreren etorkizuna zalantzan dago egun: energia kontsumoan intentsiboak diren industriak, petrolioarekiko menpekotasun handia dutenak, kutsadura handia eragiten dutenak… Alta, hemendik hamar urtera Euskal Herrian ordezkapen enpleguen alorrean izango den egoera aurreikusteko ariketak egin daitezke. Horretarako, datozen hamar urtetan erretiroa hartuko duten pertsonak dira aintzat hartu beharreko lehen multzoa.

 

Erretiroa hartuko duen biztanleria

Beste zenbait azterlanetan Gaindegiatik aipatu denaren tenore berean, duela zenbait hamarkada biztanleriak bizi zuen hazkunde bizkorra biztanleriaren zahartze  bizkorra eragiten ari da. Aldameneko lehen infografiak argi azaltzen du esan nahi dena: 2006az geroztik biztanleria %3,4 hazi den bitartean erretreta hartu dutenen kopurua  %19 hazi da.

2015erako ia 500.000 ziren erretreta hartutako pertsonak. Hori, soldatapeko lanaldiak kontuan izanda eta etxean gogotik lan egin duten eta egiten duten emakumeak kontuan izan gabe.

 

Etorkizuneko kualifikazio beharra

Europako Lanbide Heziketaren Garapenerako erakundeak (CEDEFOP) Europako Batasuneko estatu bakoitzatzentzat doitu ditu etorkizunean izango diren lan aukerek nolako kualifikazioa beharko duten.

Pareko bigarren infografian ikusi daitekeenez, Europaren baitan joera desberdinak bizi dira elkarren ondoan. Goi titulaziodun lan esku gehiago beharko duten herrialdeen taldean daude, besteren artean, Frantzia, Suedia eta Danimarka. Gutxiago beharko dutenen taldean, ostera, Finlandia, Alemania edo Espainia.

Titulazio ertainekin antzeko zerbait gertatzen da. Eta, oro har, infografian jasotzen diren herrialde guztiek beharko dute titulazio baxuko langile gutxiago.

Azpimarratzekoa da nola herrialde batzuetan, herritarren formazio maila handia izanda ere, goi titulaziodun lan eskuaren behar handiagoa izaten jarraituko dutela. Horren zioa hertsiki loturik dago I+G gastuarekin; izan ere, gastu horretan buru direnak baitira, hain zuzen, are eta goi titulatu gehiago beharko dituztenak.

 

Hegoaldean erretiroa hartuko dutenak

2025era bitartean hego Euskal Herrian 197.475 lagunek hartuko dute erretiroa. Ondoko hirugarren infografian ikusten ahal denez, horien guzti horien artean %34 lanbide kualifikatuetan dihardutenak izango dira. %36 ordea, kualifikazio handiko lanbideetan jarduten dutenak izango dira, eta, hondarreko %30a oinarrizko lanbideetakoak izango dira.

Aipatu horietan gehienak zerbitzuen sektoreari loturik ageri dira: hamarretik zazpi. Alta, bereziki aintzat hartzekoa da hamarretik bi industriaren sektorekoak izango direna.

Badira, zentzu berean, heldu den hamarkadari begira aipamen berezia merezi duten aurreikuspenak. Esaterako, zuzendari eta kudeatzaile lanetan ari direnen %28a erretiratuko da. Nekazari, arrantzale eta basozaleen artean, aldiz, %26. Administrazioan, osasungintzan eta irakaskuntan lanean ari direnetatik 55.000 langile iritsiko dira erretiro adinera, eta, merkataritza eta konponketa alorrean beste 32.000.

 

Iparraldean erretreta hartuko dutenak

Ipar Euskal Herriko datuak ez dira hegoaldeko lurraldeetakoekin bateragarriak.  Hala, bada zer esanik. Izan ere, ipar Euskal Herrian 17.700 lanpostu ordezkatu beharko dira 2025erako.

Kategoria sozio-profesionalaren arabera, %18 goi mailako lanpostuak izango dira. %22, ordea, erdi mailakoak. Azkenik, aipatu datarako erretreta hartuko dutenetatik %27 enplegatuen kategoria profesionalekoak izango dira.

 

Beharra baino eskaintza handiagoa

Aurreikusten den beharra baino lan esku gehiago egongo dela diote datuek. Hala,  215.100 ordezkapen enplegu -egungo enplegu guztiaren %17- eskuragarri izango diren arren, datorren hamarkadan laneratuko diren gazteak 268.100 izango dira (hipotesia %5eko langabezia tasan eta  egungo gazte inaktiboak 2008ko tasan kokatuta).

2025 urterako langabezi-tasa orokorra %5era jaisteko langabezi egoeratik atera beharreko 55 baino gazteagoak diren langabetuak 124.100 dira.

Bestela esanda, 215.000 lagunek hartuko dute erretreta eta 392.000 lagun izango dira lanerako. 177.100 enplegu sortu beharko dira hurrengo hamarkadan, hortaz.

Lurraldeka, lanesku ordezkapen  behar aski handiagoa izango da Euskadiko Autonomia Erkidegoan (%17,7) eta Zuberoan (%18).

 

2025erako beharko diren langileen hazkundea
2025erako erretiratuko diren landunak (Hego Euskal Herria)
2025erako erretiratuko diren landunak (Ipar Euskal Herria)
Laneskuaren proiekzioa (Euskal Herria 2025)
 

 

Ondorioz

Aurreikustekoa da gure artean ezagunak diren hainbat sektore eta bere baitako enpleguek desagertzera edo doitzera joko dutena. Altzairugintza hizpidea ematen ari da azken hilabeteotan, baina sektore gehiago ere badira antzeko egoeran, esaterako, isuri atmosferiko kaltegarriak dituztenak. Gauzak horrela, ordezkapeneko lanpostuek garrantzia handia izateaz gain, ezinbestekoa izango da lanbide eta enplegu berriak sortzea. Horrela ulertu behar da, berrikuntzan, ikerketan eta garapenean ahalegin  gero eta handiagoa egitearen beharra. Euskadiko Kutxak, esaterako EAEri dagokionez 35.000 enplegu berri sortzeko aukera ikusten du 2014-2024 aldian. Gainerako enpleguak ordezkapenekoak izango dira.