Bosgarren urtez egin dute prezioek gora Euskal Herrian

2019 urtean salneurriek gora egin dute Euskal Herrian. Hego EHn %1,2koa izan da gorakada, eta Ipar EHn, aldiz, %1,3koa. Bizitzaren garestitze joerak urteko %1a gainditu du laugarren urtez jarraian Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian, eta hiru urtez Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan. Behin-behineko datuen arabera, azken urtean prezioek %1,5a gora egin dute Europar Batasunean.

Euskal Herrian bosgarren urtez egin dute gorasalneurriek, 2019 urterako INE eta EUROSTATeko datuek baieztatzen dutenaren arabera. Prezioen igoera Frantzia (+%1,3), Belgika (+%1,3), AEB (+%1,3) edo Finlandiaren (+%1,1) parekoa izan da. Europar Batasunaren baitan prezioen gorakada apalagoa izan da Hegoaldeko herrialde gehienetan. Kontrara, aise handiagoa izan da joera Ekialdeko Europako herrialdeetan.

Hego EHn 2019 urtean zehar garraioa (+%5,7), janaria-edari alkoholgabeak (+%2,3) eta hotelak-kafetegiak-jatetxeak (+%1,5) izan dira prezioen igoera handiena jasan dutenak. Aldiz, argindarra eta gasa merketzeari esker (-%12,1), etxebizitzari dagozkion gastu orokorrak apaldu egin dira (-%5,0). Ipar EHn, ordea, edari alkoholdunak-tabakoa (+%6,5), janaria-edari alkoholgabeak (+%2,5), hezkuntza (+%2,4), etxebizitzako gastuak (+%1,5) eta hotel-kafetegi-jatetxeak (+%1,4) izan dira prezioaren igoera nabarmenena jasan dutenak. Ostera, komunikazioen salneurriak behera egin du lurralde honetan (-%2,9), Hego EHn ez bezala.

Euskal Herri osoan elikagaien prezioa igo egin da. Bereziki handia izan da fruta freskoaren prezio igoera Hego EHn (+%7,8), eta barazkiena, Ipar EHn (+%6,4). Azken honetan, bestalde, tabakoaren prezioa indarrez (+%10,2) garestitu da, bigarren urtez. Ibilgailu pertsonalari loturiko gastuen igoerak (+%8,1) garraioaren garestitzea eragin du Hego EHn (+%5,7), Ipar EHn baino nabarmen gehiago. Alta, Ipar EHn irakaskuntzaren garestitzea Hego EHkoaren bikoitza izan da (+%2,4).