Estatuko Abokatuaren salaketa bertan behera geratu da

Gaindegiaren jarduerak diruz laguntzearen kontra estatuko abokatuak jarritako errekurtsoa bertan behera geratu da.

  • Hurrengo lerroetan Gaindegiak prentsari helarazi dion oharraren edukia jasotzen da:

"Estatuko Abokatutzak Gobernuko Ordezkariaren ekimenez administrazioarekiko auzi errekurtsoak aurkeztu zituen 2013 eta 2014 urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak Gaindegiari emandako diru-laguntzen karietara.

Salaketaren oinarriak administratiboak zein politikoak ziren. Alderdi administratibotik Gipuzkoako Foru Aldundiari bere irizpideen arabera diru-laguntzak emateko eskumena ukatzen zion. Alderdi politikotik, Gaindegiaren egitasmoa eta bere oinarri soziala osatzen zuten pertsonen kontrako zentsura politikoa eskatzen zuen. Hau da, praktikan herrigintzan jarduteko eskubide zibilez gabetzea.

Gaindegia auzian pertsotatuta egon da hasieratik, eta jarduteko bere eskubidea defendatzeaz gain, epaitegietan salatu zuen Estatuko Abokatuak auzi-errekurtsoan Donostiako Probintziako Komisariako Informazio brigadako buruak sinatutako bi txosten aurkeztu zituela, 2015eko abuztuaren 27an eta irailaren 9an hurrenez hurren. Bigarrena txostena aurrekoaren zabalpena zen.

Txosten horietan Gaindegiarekin bat egin zuten 25 pertsonei buruzko datu pertsonalak jasotzen ziren, batez ere mugimendu sozialekin zuten edo izan zuten harremanei buruzkoa: afiliazio sindikalari buruzkoa, ideologiari buruzkoak (ordezkapen karguak, militantzia politikoa, harremana alderdi politikoekin, hautagai izaera, bilera politikoetan parte hartzeari buruzkoak, manifestu politikoen sinatzaile izateagatik), Espainiatik kanpo egindako bilera eta manifestazioetan parte hartzeari buruzkoak zein Unibertsitateko hauteskundetan parte hartzeari buruzkoak.

Gaindegiak froga horiek ilizitotzat jotzea eskatu zion epaileari eta honek horrela ebatzi zuen Auto esanguratsu batean, non oso kritika larria egin zion poliziari eta Estatuko ordezkariei (oharrari atxikita doa autoaren kopia). Azken batean, pertsonak kriminalizatuz proiektua zapuzteko ahalegin argia izan zen.

Epaitegiak Estatuko Abokatuaren auzi-errekurtsoa zein aurkeztutako frogak ezetsi zituen. Azpimarratzekoa da Estatuko Abokatuak epaiaren aurka apelazio errekurtsoa aurkeztu zuela eta EAEko Auzitegi Nagusiak epaitegiaren erabakia berretsi zuela. Epaiak atzera bota ditu, beraz, bai Aldundiaren aurkako salaketak, bai Gaindegiako kidegoaren gaineko kriminalizazio ahaleginak.

Euskal Herriak bere historian komunitate mailako harreman soziokultural sendoak izan baditu ere, azken hamarkadetan, garapen administratiboarekin batera inoiz ezagutu ditugun mugarik handienak nozitzen ari gara nazio izaerako bizitza komunitarioa gorpuzteko arlo ekonomiko, sozial zein kulturaletan. Gaindegiaren kontrako jazarpenak agerian jartzen duen bezala, mehatxuz betetako bidea da aurrean jartzen zaiguna horretan ahalegintzen garenoi.

Onartezina zaigu Euskal Herriak bere bizimodu komunitarioa lankidetza eta harreman egokietan gara ez dezan ezartzen den sistema osoa, eta, gure elkartea horretarako sortu zenez, geure egiten dugu Euskal Herriaren nazio garapena lagun dezaketen ezagumenduak lantzen eta ezagutzera ematen jarraitzea. Baina horretarako, ordea, beharrezkoa da tokian tokiko eragile instituzional eta sozialen aitortza eta babes esplizitua. Gainerakoan, etorkizunean ere, Euskal Herri osoari begira diharduten erakundeok zailtasunak izango ditugu irauteko eta oso gaitza izango da gaur egungo hutsuneak betetzeko organizazio berriak sortzea.

Ez genuke ohar hau amaitu nahi azpimarratu gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere eskumenak gauzatuz Gaindegiarekin lankidetza hitzarmena sinatu izana eta auzi-errekurtsoaren aurrean bere eskumenen defentsa irmo egin izana."

AttachmentTamaño
PDF icon Prentsa-oharra, 2018-02-22431.35 KB