Gazteen migrazioak egun Euskal Herrian

2007an hasitako atzeraldi ekonomikoa hamar urte betetzera doa. Urte hauetan jarduera ekonomikoari lotutako fenomeno kritikoak indartu egin dira alor guztietan, eta, gertaerak azeleratu ere bai, historia azeleratu egin izan balitz bezala kateatu dira gertaera sozioekonomiko sakonak azken urteotan.

Hala, beste fenomeno askoren artean enpresen berrikuntza egitasmoen makaltzea ezagutu dugu. Ondorioz, gazte askoren kontratazioa eten izana eta beste askoren laneratzea ezinezko bihurtu izana gertatu da. Horrek guztiak, halaber, erabateko eragina izan du hainbat sektore ekonomikotan -ezagumenduaren ekonomiari lotutakoetan batez ere-. Komunikazioa, irakaskuntza, orotariko zerbitzuekin lotutako gazte askoren asmoak ere zapuztu egin dira.

Ongi prestatutako gazteentzat, ordea, Europako hainbat herritan bada lanik, izan ere, kontratazio bolumena handitu egin dute zenbait herrik (besteak beste, Alemaniak). Atzerrira joatea izan da gazte askoren aukera, formazio maila jasoak hemen faltza ziren lanerako aukera interesgarriak eskaintzen zituelakoan -horrek gure herriarentzat dakarren deskapitalizazioarekin-. Halere, titulazio nabarmenik ez zuen askok ere kanpora jo behar izan du.

Mugikortasun hori ezaguna zaigu aurreko hamarkadetatik, bizitzeari lotutako esperientzia aberasgarri moduan, kasu gehienetan. Egungo migrazioak, ordea, asko du premia ekonomiko eta profesionaletik. Jarduera ekonomikoa indartzen ari den honetan gazteek kanpora jotzen jarraitzen dute? Itzultzen ari dira egoera ekonomikoa hobetzen ari delako? Zenbat dira eta zein ezaugarri dituzte gure artea etorri diren gazteek?

Egin dezagun uneko argazki txiki bat.

Ondorio nagusi batzuk

18-34 urte bitarteko gazteen eta biztanleria osoaren joan-etorriak, bai Espainiarekiko zein atzerriarekiko ageriko ondorioak utzi ditu: krisia hasi zenetik atzerriarekiko gazteen hartu-eman saldoa positiboa izan da 2015 urtean lehen aldiz azken urteotan. Hau da, Hego Euskal Herrira etorritakoak joandakoak baino gehiago izan dira, eta 2016ko lehen sehileko datuetan, indartzen ari da aipatu joera.

2012 eta 2013 urte kritikoak izan ziren joandakoak etorritakoak baino nabarmen gehiago izan zirela kontuan hartuta. Espainia zein beste estatuekiko fluxuek, biak batuta, gazteen saldo positiboa utzi dute 2015 urtean, eta, 2016ko datu probisionaletan berretsi egiten da 2009tik gertatzen ez zen joera.

Biztanleria osoari so, gazteekin gertatzen den fenomeno bera gertatzen da: migrazio fluxuen hartu-emana positiboa izan hasi da 2015 urtean (eta 2016 urteko datu probisionaletan indartzen da joera). Ondorioz, gazte galera larriena pasa dela (2010-2014) esan daiteke, eta saldo hori positiboa dela gaur gaurkoz ere. Baina xehetasunei erreparatu behar zaie:

[*Ikusi bat taula]

Zein da, hortaz, hazkundearen arrazoia? Ondoko koadroan adierazten dira zenbait gako:


Saldo positiboa bai, baina ez bertako gazteak itzultzen ari direlako

Oso gutxi dira Hego EHra bueltatzen ari direnak. Esaterako, 2015 urtean 10.395 gazte etorri ziren Euskal Herrira, horien %95 atzerrian sortuak. Gazteen saldo positiboa, hortaz atzerritar gazteen eskutik dator.

Gazteen migrazio fluxua jaiolekuaren arabera: Hego Euskal Herria (kopuru gordinak) 

Areago, 2015 urtean Hego Euskal Herrian sortutako 503 itzuli ziren eta 1.230 joan, beraz saldoa negatiboa da bertako gazteei dagokonez (-727).
Biztanleria osoarekin gazteekin gertatzen den fenomeno bera gertatzen da: migrazio fluxuen hartu-emana positiboa da atzerritarrei esker.
Atzerrian diren gazteen kopurua ez da gutxitu krisia hasi zenetik (erregistroa existitzen da 2009 urtetik). 2016 urtean, 20-34 urte bitarteko 20.816 gazte ziren atzerrian (Hego Euskal Herrikoak)
Hitz gutxitan, ez dirudi kualifikatutako bertako gazteak, joera orokorra bestelakoa izan arren, bueltatzen hasi direnik.

Gazten saldoa Ipar EHko herrialdeetan

Ipar Euskal Herriko gazteei dagokienez ezin da kuantifikatu Ipar Euskal Herria zenbatek utzi duten edo zenbat itzuli diren besteak beste barne migrazioak ere erregistratzen dituelako, herrialdeka, ordea, jakin dezakegu harreman horren ondoriozko saldoa. Bestela esanda, Zuberoatik Lapurdira doazen gazteen fluxua kontuan hartzen da datuetan, eta, hortaz, datuak ez dira Hego Euskal Herrikoekin bateragarriak.

[*Ikusi 2 taula]

Halere, datuei so, Zuberoak gazteen galera mingarria nozitzen jarraitzen du modu iraunkorrean, abagune ekonomiko koiunturala baino haratago doana (2007 urtean ere joera hori oso indartsua izan zen).

Gazteen migrazioa saldoa. Ipar Euskal Herria (kopuru gordinak)
Halere, Ipar Euskal Herriak gazteen saldo positiboa du, Lapurdiko saldoari esker. Hau da, Lapurdin bertan sortutako gazteak baino gehiago daude bertan erregistratuak. Hego EHn gertatu bezala, seguruenik gazte egoiliarren ihesa handia izan daiteke, baina atzerritar-frantses etorkinena handiagoa delako da saldoa positiboa.
 

Ondorio nagusiak

Gazteen mugikortasunak osagai natural bat du: kuriositatea, esperientzia bila abiatzea. Ohikoa izan da gure artean, eta aberasgarria ere bai. Alta, azken urteotan osagai behartua nagusitu da, bertan alternatiba duinik ez, eta kanpora joan beharra.

Baina, euskal lan merkatuaren egoerak -prekarizazio altuenetakoa duena Europan- eta euskal ehun ekonomikoaren aldaketak -ezagumenduaren ekonomiari lotutako sektoreen ahultzea, bai sektore pribatuan zein publikoan-, ez dute aukera berririk eskaintzen ongi trebatutako gazte askorentzat.

Halaber, kualifikazio apaleko eta prekarizatutako enplegu horietara gazteak datozen arren, horiek ez dira Euskal Herrian sortuak. Zentzu berean, esan daiteke Ipar Euskal Herrian azken hamarkadetan ezarri den fenomenoa Hegoaldean ere indarra hartzen hasi dela: bertako gazteak atzerrira joan behar izatea diseinu ekonomikoak behar ez dituelako (eta prekarietatean ez erortzeko), beste herrietan sortutako gazteak hartzen dituen bitartean enplegu prekarioetan aritzeko.

Mugikortasun “sano” baten aurrean  gaude ala deskapitalizazio handi baten aurrean? Zer egin behar dute euskal eragile sozioekonomikoek mugikortasuna ez dadin sozioekonomikoki behartua izan?

[1] Gazteen migrazio fluxua, Hego Euskal Herria (kopuru gordinak)
-200820092010201120122013201420152016 (p)
EMIGRAZIOA14,75017,09418,52119,93719,53419,26115,14113,10212,277
ETORKINAK22,96518,04918,03118,27614,86613,91014,70815,05015,822
SALDOA8,215955-490-1,661-4,668-5,351-4331,9473,545
-
Iturria: INE eta GAINDEGIA.
[2] Migrazio joerak. Ipar Euskal Herria, 2007/2013.
-2007200820092010201120122013
Lapurdi1735071663361,0051,089239
Nafarroa Beherea5635-104482020-26
Zuberoa-146-76-90-34-30-86-43
-
Oharra: Datuak GAINDEGIAk garatutako metodologia propioz ekoiztu dira.
Oharra: Ezin da kuantifikatu, saldoa alde batera, joan eta etortzen diren gazteen fluxua. Ez dago daturik.
Iturria: INSEE eta GAINDEGIA.