146.700 langabe Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 8.300 gutxiago (INE)

> 2018ko bigarren hiruhileko datuen arabera, Euskal Herriko langabezia tasa %9,89koa da (INE), aurreko hiruhilekoan baino 0,53 puntu apalagoa. EUSTATek berriki kaleratutako datuen arabera ere Euskal Herrian langabezia tasa 0,86 puntu apaldu da eta %9,92an kokatzen da. Azken hiruhilekoan langabetuen bolumenak behera egin du lurralde guztietan, orohar.

 

> INEeko datuen arabera, azken hiruhilekoan langabezia tasaren jaitsiera nabarmenena Bizkaian (-0,98) eta Nafarroa Garaian (-0,61) kokatzen da. Iturrien arteko kontraste handia ematen da Arabako joeraren gainean, izan ere INEren arabera herrialde horretako langabezia tasa berdintsu mantendu da (-0,01), baina EUSTATen arabera, 1,70 puntu apaldu da. Azken hiruhilekoan biztanleria aktiboa handitu egin da herrialde gehienetan, Ipar Euskal Herrian salbu. Gauzak horrela, Bizkaiak du Euskal Herriko lurraldeen arteko langabezia tasa handiena (%11,63). Hala berresten du EUSTATek ere (%11,60).

> Azken hiruhilekoan, Euskal Herriko langabezia tasa 0,53 puntu apaldu da, EB-28ren antzera (-0,4). Hala, bi lurraldeen arteko aldea gutxitu egin da baina Euskal Herriko langabeziak Europako Batasuneko batez bestekoa baino 2,9 puntu handiagoa izaten jarraitzen du (INE).

> Azken hiruhilekoaren joeraz harago, Euskal Herriko lan merkatuan langabeziaren eragina apaltzen ari da, baina prekarietatearen itzalak handiegia izaten jarraitzen du.